XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

KALIKA

- Entzuna dut, bai Xuberon, bai Amikutzen, lehenagoko eskualdun gaztek bazutela josteta berezi bat, kalika erraiten ziotena.

Zer zitaken joko hori?

- Kalia erabiltzen zuten josteta.

- Kalia? Ez dut behin ere hitz hori aditu.

- Nik uste dut baietz, eta beharbada zuhauk erabili dukezu, ohartu gabe, behin baino gehiagotan.

- Ez zait bada iduri.

- Ez ote diozu sekulan nehori aditu erraiten suge bat kalitu duela? Kalitzea da kali ukaldi batez buruaren lehertzea.

- Baditake. Zer zen bada kali erraiten diozun tresna hori?

- Makila bat.

Makila horrek bazituzken metra bat eta hogoi zentimetra; aintzur giderra bezain lodia zen, bainan behera lodixagoa, guti edo aski kakotua, eta behereko kako hori suan gogortua.

- Kalia nola zerabilaten kalikariek?

- Bi eskuz atxikitzen zuten, aintzur-giderra bezalatsu, eta, kali-kakoaz joiten zuten bola deitu pilota gogor ttipi bat.

- Lehertzen zutena bola hori?

- Ez, sahetsetik joiten zuten, berehala esplikatuko dautzutan bezala.

Kalikako tokia usaian eremu handikoa zen, eta ez baitezpada ordoki: patar, oihan eta errekak ez zituzten batere higuin.

Eremu hortan, inguru-minguru hamabi xilo barreatuak ziren: hamar zentimetra barnako ziloxka horieri erraiten zioten sakelak, eta sakela horietan kali ukaldika behar zen pilota sararazi ahalik-eta lasterrena.

- Golfa bezalako joko bat zen beraz.

- Bai, golfarekin konpara ditake.

Partida aintzinttoan xorte emaiten zituzten bolak eta kaliak.

Kalikariak birazka edo hirunazka eman zitazken pilotan bezala, hiru hiruri, biga biri, edo berdin biga hiruri artzeko gisan, haatik bakotxa bere bolarekin eta kaliarekin.

- Nola ari ziren?

- Bakotxak hiru kolpe emaiten ziozkan segidan bere pilotari, eta gero kontrario baten aldia zen.

Entseatzen ziren xiloan pilotaren sartzerat edo bederen hurbiltzerat.

Bide-nabar, beren pilotaz, lagunarena hurbil zezaketen aurkitu behar zuen xilorat, edo partidarena urrunt.

- Sakelak nola nahika hauta zezazketen?

- Ja! Sakelak ordre batean atzemaitekoak ziren birundan, zoin bere aldi.

Hamabigarrena ez ohi zen lehenetik hain urrun, eta irabazteko lehen hortarat behar zen itzuli, bertzeak baino lehenago.

- Bazena legerik?

- Behar ere.

Bertzeak bertze, joko-eremuan ez zen haizu lehen kolpetik aintzina pilotaren eskuz hunkitzea; pilota mugetarik kanpo igortzen zuenak tur bat galtzen zuen, bai eta kontrario batek igortzen bazion ere; pilota bat sakela batean zeno, ez zen sartu behar bertze pilotarik sakela hortan, eta holako.

- Partida luzeak izaiten ote ziren kalika?

- Bai, biziki luzeak, eta pario galantak egiten omen ziren kalikarien artean.

Pena da josteta hori ere galdu baita!

- Beharbada gazte zonbaitek nahiko dute berriz piztu.

- Ez litake batere zozokeria!